Adierazpena | covid-19

Lankidetza koronabirusari aurre egiteko

Oso kutsakorra den birus berri baten agerpenak, COVID-19ak, munduari bira eman dio denbora gutxian, milaka hildako eraginez.

Pandemia globala da eta ondorioak ere globalak izango dira. Nazio Batuen aurreikuspenek ondorio suntsitzaileak iragartzen dituzte COVID-19ren hedapenari erantzun ahal izateko osasun-sistema eta gizarte-babeseko sistema publikorik gabeko herrialdeetan. Egoera horrek, kutsatzea saihesteko higiene- eta osasungarritasun-baldintzarik ez duten errefuxiatu-esparruetan pilatuta bizirauten duten barneko desplazatuen edo hirugarren herrialdeetako asilo-eskatzaileen artean ere eragina du. Baina eragina ez da osasunaren gainekoa bakarrik izango, baizik eta atzeraldi ekonomiko globala eragingo du, eta, ondorioz, pobrezia, langabezia, hornidurarik eza eta elikagai zein premia biziko produktu falta areagotu egingo dira gutxien garatutako herrialdeetan.

Testuinguru global batean, hegoaldeko herrialdeetako biztanleak beren patuan uztea ez da aukera bat. Horregatik, gure lurraldeetako alarma-egoeratik irtetean, koronabirusaren ondorioei aurre egiteko hain prestatuta ez dauden beste herri eta herrialde batzuei laguntzeko gure ahalegin solidarioak berriro elkartu beharko ditugu.

Globalki jarduten ez badugu, COVID-19ak berriro agertzeko edo pandemia berriak agertzeko arriskua gero eta handiagoa izango da. Hiperkonektatutako mundu batean bizi gara, non gaixotasun kutsakorrak edonon ager daitezkeen eta planeta osoan hedatu. Eta aurreko krisi ekonomikoan eta ondorengo murrizketa-zikloan zerbait ikasi bagenuen, hori gastuari eusteko politikek osasun publikoan eragin izugarria dutela da; eta egoera ahulenean dauden biztanleak egoera oso zaurgarrian geratzen direla. Murrizketa horien ondorioak ordaintzen ari garen honetan, une egokia da estrategia birplanteatzeko, oinarrizko gizarte-zerbitzuak eta lankidetza- eta elkartasun-politika publikoak indartuz.

Erronka horri erantzuteko, tokiko gobernuek funtsezko zerbitzuak kudeatzeko duten gaitasunari balioa eman behar diogu, bereziki krisialdietan, politika publikoen bidez bermatzen dituztenak: ura eta saneamendua, hondakin solidoen bilketa eta tratamendua, arriskuen eta hondamendien kudeaketa eta prebentzioa, edo tokiko garapen ekonomikoa, besteak beste. Ezinbestekoa da tokiko gobernuen ekintza globala indartzea, beste herrialde batzuetako tokiko agintariekin lankidetza-politikak bultzatuz, udalerri guztiek erronka berberei erantzun ahal izan diezaieten.

Alde horretatik, Lankidetza eta Elkartasun Fondoen Konfederazioa eta hura osatzen duten Fondoak eragile estrategikoak gara ekintza politiko globala garatzeko eta tokiko gobernuen gaitasun teknikoak partekatzeko; lankidetza- eta elkartasun-politikak gauzatzen ditugu COVID-19ren pandemiaren inpaktua eta laguntzen ditugun herrialdeetako udalerrietan dituen ondorioak arintzeko. Hegoaldeko herrialdeetan baliabideak, nazioarteko aliantzak eta lankidetza-egitura zabala ezarrita dituen udal-sare esperientziadun gisa, komunitateetan erresilientzia sortzen dugu, tokiko gobernuen erantzun-gaitasuna indartuz.

COVID-19ren mehatxuaren aurrean, Lankidetza eta Elkartasun Fondoetatik etorkizuneko berreagertzeak saihesten eta hurrengo pandemia globala hedatzeko arriskuari eusten lagun dezakegu; baina gure jarduera ez da berehalako osasun-erantzunera mugatzen; tokiko gaitasunak indartzean oinarritzen da bereziki, hurbileko oinarrizko zerbitzuen kudeaketan, tokiko eragina duen edozein krisi globali aurre egiteko.

Hori dela eta, Lankidetza eta Elkartasun Fondoen Konfederazioan udal gobernuei eta udalaz gaindiko gobernuei, alkateei eta tokiko hautetsiei manifestu hau sinatzea eta babestea proposatzen diegu; garapenerako lankidetzarekin konprometituz, agenda globalean eragiteko udalgintza solidarioa kokatzeko; erantzun-mekanismo gisa, COVID-19a garaitzeko eta onura gutxien duten herrialdeen toki-instituzionaltasuna indartzeko; 2030 Agendarekin eta Garapen Iraunkorreko Helburuekin lerrokatutako tokiko prozesuekin lankidetzan murgiltzeko; eta, Giza Eskubideen eta osasun-bide seguruen bermeaz, migratu behar duenari babesa emateko.

Ondorioz, azpian sinatzen dugunok dei egiten diegu toki-administrazioei konpromiso humanitarioari eusteko eta garapenerako lankidetzarako eta nazioarteko elkartasunerako politikak indartzeko, pandemia hau eta planeta astintzen duten beste batzuk desagerrarazteko. Denok salbu egon arte, inor ez da salbu egongo. Elkarrekin aterako gara, globalki

Deskargatu adierazpena “Lankidetza koronabirusari aurre egiteko” (egin klik hemen)

Maiatza, 2020